[ gazteleraz ] [ webmap ] [ kontaktatu ]  
     
 
 
 
 
   
1998ko udan sortu genuen . Altza eta inguruko gazte batzuk , bertso senaz kutsaturik, Ernaniko Iraulio Panttalone bertso eskolara jo genuen bertsoaren nondik norakoak ikasi asmoz. Bertako arduraduna zen Aitor Mendiluze Andoaindar bertsolariak, Altzatar gazte asko bertan ginela ikusirik, Altzan bertso eskola sortzeko ideia eman zigun eta ideia hori gauzatu egin genuen 1998ko uda bukaeran. Dozena bat lagun elkartu ginen ideia hori gorpuzteko asmoz , gehienak Altza ingurukoak (Donostiar batzuk ere tarteko). Gazteluene nondik dator? Hasiera batean Altzako bertso eskola izan behar zuen, baina nahikoa soso geratzen zelakoan, Gazteluene baserriaz oroitu ginen. Gazteluene baserria Altzan geratzen den baserrietako bat dugu, eta historia handiko baserria da bera. Bertan igaro baitzituen bere bizitzako azken uneak Jose Manuel Lujanbio "Txirrita" bertsolari handiak. Egia esateko , hasiera batean Txirrita izena jarri nahi genuen, baina Ernaniarrak haserretu zitezkela ikusirik , Gazteluene jartzea erabaki genuen. Beraz, Txirritaren oroimena ondoen gorderik duen lekua erabili genuen eskola honi izena emateko.
Bertso eskola 2000. Urtean eskolak emateari utzi zuen. Aurreneko urtean Ernaniko Ixiar Eizagirre izan genuen bertso eskolako irakasle (Jexux Irazu, Unai Agirre, Aitor Mendiluzeren laguntzarekin). Bigarrengo urtean berriz Unai Elizasuk jardun zuen irakasle; eta geroztik, ikaslean uzten joan dira. Arrazoiak: Altza hain eremu erdalduna izanik, bertso ohiturarik ez da eta ikasleak motibatzea oso zaila zen. Bertsotan egiteko aukerak oso urriak dira, eta maila altuko bertsoaririk ez dagoenez, zaila da bertakoekin kontatzen. Beraz, eskolak emateari utzi zioen arren, bertako kultur ekitaldietan laguntzen jardun ohi da, hala nola: Altzako festetako Santa Ixabel egunez , bertsolarien gaiak jartzen gu aritzen gara; Zurrunbilo aldizkariak antolatzen duen topaketetan, bertso afariaren ardura gurea da ; Aldizkari honetan ere, tarte bat uzten digute bertsolaritzaren inguruko kontuetan jarduteko. Korrika kulturalaren barruan egindako bertso saioan gai jartze eta bertso botatzeaz arduratu ginan. Euskal jaietako Bertso triki poteoetan antolatzen eta kantuan aritzen gara…
Beraz, hau da azken urteotan egin dugun apurra. Urte gutxi batzuk bizirik eramanik ere, txikikeri hauetan jardungo gara Altzan bertso senak ohiartzuna izan dezan. Eta txikikeri hauek haundi bihurtzeko amets edo itxaropenetan ,bizirik iraungo du Altzako Gazteulene bertso eskolak.


 
  © 1996-2008 ALTZAKO HISTORIA MINTEGIA
Webmaster - Tel.: (+34) 649 49 66 07
 
     
  Laguntzailea  
Donostiako Udala