|
|
| |
 |
| |
| Etxe gutxi izango da hiztegirik ez duena.
Euskarakoa, entziklopedikoa... Eguneroko bizitzan hitza
ezinbesteko tresna dugunez maiz aurkitzen gara zalantzaren
bat argitu beharrean.
Badago, ordea, inon aurkituko ez dugun hiztegi bat,
arrazoi sinple batengatik: egin gabe dagoelako. Hiztegi
hori Altzako kontuak bilduko lituzkeen hiztegia da.
Nongo hiztegietan aurkituko ditugu Jolastokieta, Garro
kapitaina, Club Deportivo Roteta eta honelakoak?
Beharrak agintzen du eta lantegi honetan hastea pentsatu
dugu, hiztegia egitearena, alegia.
Horretarako, hainbat lagunen laguntza bildu dugu eta,
arian-arian, datozen urteetan osatzeko gogoa daukagu.
Zuri ere, irakurle horri, gonbidapena luzatu nahi dizugu
eginkizun honetan parte hartzeko eta bururatzen zaizkizun
hitzak bere azalpentxoarekin hona bidal ditzazun.
Hiztegiari Orotariko Altzatar Hiztegia
izen ponpoxoa jarri diogu, Altzarekin zerikusirik duen
denetarik jaso nahi duelako. Hala ere, hasiberria eta
amaigabea denez, eta jende ezberdinak bertan parte hartuko
duenez, hiztegiak orden eta koherentzia gutxiko itxura
emango du. Hau da, hain zuzen ere, desordenatua
gehitu behar izanaren arrazoia, ordena eta zentzua erabiltzaileak
berak emango diolakoan.
Beraz, on dagizula, lagun, eta zure ekarpenak posta
elektronikoko helbide honetara bidali: ahm@altza.net,
edota gurekin harremanetan arlo bat lantzeko edo sakontzeko.
|
| |
|
A |
B |
C |
D |
E |
F |
G |
H |
I |
J |
K |
L |
M |
N |
O |
P |
Q |
R |
S |
T |
U |
V |
X |
Y |
Z |
|
| |
|
| |
| AAS |
Altzako Abertzale Sozialistak.
Franco diktadorea hil ondoren Altzako ezker abertzalearen
kideak osatu zuten herritar erakundea. Lehengo bilera
1977ko azaroaren 24an egin zuten, eta handik denbora
gutxira, Herri Batasuna sortu zenean, desagertu
zen. |
| ALGARBE |
Intxaurrondo kaleko 74.
zenbakian kokaturik dagoen txalet dotore bat. 1921.
urtean Lukas Aldai arkitektoak eraiki zuen Aranaren
alarguna zen Irene Txurrukaren aginduz. Orube horretan
zegoen Algarbe baserria XVI. mendean dokumentatuta
dago. |
| ALTZA |
1.
Mestizajeak zaildutako lurra, ostadarraren kabia,
etorkinek eta hemengoek osatu duten kaleidoskopioa.
2. Inongoak ez diren biztanleez betetako
herri ohia, non indijena batzuk "azken mohikanoak"
bere memoria kolektiboaren preso bizi diren.
3. Lur emankorrean hazitako erroak, kanpoko
labanak txertatu enborra, loretan ikusiko dugun
adarra, ezezaguna zaigun lagun hurkoa, etxe ondoko
zuhaitzaren paradoxa. |
| ALTZA BASOA |
Urdaburu mendiaren eta Urumea ibaiaren artean dagoen mendialde altzatarra. Errenteria, Arano eta Donosti Basoarekin muga egiten du. Urumeako zilegi-mendien zati bat izan zen. |
|
|
ALTZAKOAK
Kirol Elkartea
|
Kirol elkarte
hau 1982. urtean martxan jarri zen eta 1994. urte
arte funtzionamenduan egon zen. Bere egoitza Los
Boscos auzoan zegoen eta urte horietan zehar presidentea
Antxon Alfaro izan zen. Kirol sail desberdinetan
taldeak egon ziren: Eskubaloia, Xakea, Mahai-tenisa
eta Areto-futbola. Egindako jardueren artean bi
hauek azpimarra daitezke: Altzako Areto-Futboleko
Txapelketa martxan jartzea (1982) eta Altzako Herri
Krosa antolatzea.
|
|
| ALTZANET |
Altzako Historia Mintegia
garatzen ari den proiektu telematikoa. Internet
sarean Altza Herria leku bat izatea da proiektu
honen helburua. |
| ALTZATARRAK |
Ezagutzen
ditugun lehenengo altzatarrak San Martzial parrokiaren
sortzaileak dira, 1390. urtekoak. Haien izenak hauek
dira: Joan de Bera, Sancho de La Lana, Pedro de
Casares, Juan de Castañeda, Martin de Durango,
Martin de Eraso, Rodrigo de la Lana, Juan de Orexa,
Per Dura, Miguel de Casanao, Juan de Luzuriaga,
Pes de Baro, Martin de Lana, Martin de Sius, Juan
de Salamon, Juan de Mercader, Juan Perez de Luzuriaga,
Beltran Damas, Juan de la Carbuera. |
| ALTZATV.COM |
Altzako telebista Interneten bidez. |
AMETZA
(Quercus pyrenaica) |
Zuhaitz honek Ametzagaina mendiari ematen dio izena. Haritzaren familiako zuhaitz ederra da. Mendien hegoaldeko magala dute atsegin, euriaren hezetasunetik babestuak. Bere azpialdean txilarra ugari egoten da. Ametzak duen ezaugarririk nagusiena bere hosto erorkor bereziak dira, ile zuriska fin batez estalita eta ertzen lobuloak gainontzeko haritzen baina nabarmenagoak. Ezkurrak, bestalde, oso txorten laburretatik ateratzen dira. |
|
| ANA POZAS |
Pop-rock estiloan kantatzen duen Altzako musikari gaztea. Abesten dituen kantak berak sortuak dira, hitzak zein musika, eta denetara bi diska atera ditu. Azkena aurten jarri du salmentan eta "Sin querer" izenburua dauka. Produkzioa Kalifornian burutu dute, eta grabaketan, besteen artean, Alex Ubagoren laguntza izan du. |
|
ANEXIOA
|
Udalerri baten bilakaeran,
maltzurkeriaz eta ezarpen larderiatsuz bereganatua
izan ondoren, biztanleriaren iritziaren gainetik,
ondorio latzak eta tamalgarriak jasotzen dituen
herri baten gertaera historikoa. |
ANTXO
|
Buenavistako bidegurutzean
zegoen baserria, XVIII. eta XIX. mendeetan dokumentatuta.
Etxea trenbidea egitearekin batera desagertu zen
baina izena gaur egun arte heldu da Pasaiako barruti
baten izena bezala: Pasai Antxo. Altzatarrentzat,
Antxo, Lorete eta Eskalantegi gaineko auzoa da.
Altza udalerria zenean, Antxo barruti handi bat
zen, Molinaotik Herreraraino hartzen zuena, portuari
begira dagoen aldea, hain zuzen ere. |
| ARRUEBARRENA ETXEA |
Herrerako San Luis plazako etxea. 1956ko martxoaren 14an inauguratu zen, Ramon Martiarena arkitektoaren planoekin, eta 2005ean eraitsia. |
|
|
ARTEA
|
Berra bidean,
Anunciata ikastetxearen goialdean, bi arte handi
daude. Ohituta gaude artea eta artadiak Mediterranio
aldean ikustera eta baita arrunta da Bizkaiko eta
Gipuzkoako kostaldean. Baina, Berrako hauek Altzan,
eta seguru asko Donostialdean, geratzen diren azkenak
dira. |
|
|
ARTETXE AIESTA,
Josu
|
(1952-1973). Zeberion
jaio zen 1952ko irailaren 24an. Josuren ibilbide
politikoa EGIn hasi zen eta 1971ko bukaeran ETA
erakundean sartu zen. Hilabete batzuk geroago, 1972ko
irailean, erbesterako bidea hartu zuen. Josu, 1973ko
abenduaren 6an, Altzako etxebizitza batean zegoen,
Larratxo auzoan hain zuzen, berea eta emaztearena
zen pisuan. Polizia Armatuak auzoa setiatu zuen
eta etxe barruan burua zulatu zion tiro batek hil
zuen, ia momentuan. |
|
| ARTZAI-TXIKIYA |
"Jose Manuel zuen
izena. Ez dakit zergatik, bañan Artzai-Txikiya
deitzen zioten. Nongoa zan ere, ezdet beñere
entzun izandu. Bakarrik dakit Alza'ko Txurdiñene'n
bizi izan zala. Bertsolari azkarra eta xuxena izan
bear zuen, eta beregandik dabilzkigun bertsoak ere,
ala erakusten digute. Bertsolari askok bezela, lanerako
gogo gutxi izan bear zuen; naiago izaten zuen kantari
edo jokuan ari. Txirritaren oso laguna zan... Txirritak
askotan esaten zion 'Ardi gabeko artzaia'...".
...". (Jose Ramon Erauskin-ek "Alza'ko
bertsolari zaarrak" liburuan) |
|
ARTZAKA
|
Altzako oinetxea,
egun baserria bihurtua. Oinetxe honetako familiaren
jatorria gaskoia bada ere (Arzak leinua), XV. Menderako
etxea eraikita omen zegoen gure lurrean. Altzako
dokumentazio zaharrean Arzak abizena topatzea erreza
oso da, boterearekin zer ikusirik zuten karguetan
batik bat (alkateak, erregidoreak, diputatuak, zinegotziak...).
Leinu honen seme-alabek Altzako izena zabaldu dute
Gipuzkoan eta munduan zehar. |
|
ASUMENDI,
Juan Carlos |
Mendizaleak mendi-elkartearen
lehendakaria izana. Moncayo mendian mendiko istripuz
hil zen, 2001eko otsailaren 11an, 35 urterekin. |
| ATXUMASKOGAÑA |
Atximasgaña eta
Monte Redondo izenekin ere ezaguna den muinoa, Herri
Ametsa ikastola eta Uliaren artean dagoen muinoa.
Tontorraren albo batean, arrokan tailatua, Donostia
eta Altzaren arteko mugarria dago. |
|
|
 |
| |
|
BARANDIARAN,
Bixente |
Altzako bertsolaria. Itsasondoko Urkia bailaran
sortua eta Altzako Garbera baserrira bizitzera
etorri zena. Langilea eta herrikoia, behar zenean
beti laguntzeko prest. Berak idatzitakoak "Altza,
Hautsa Kenduz" 2, 3 eta 4 zenbakietan irakur
ditzakegu. Auspoa bilduman ere bi liburu idatzi
zituen: "Zartu gabe ezin bizi" (1990)
eta "Lanik gabe ezin bizi" (1995); eta
Sendoa-n, "Tratabideak" (1999). Lagunartean
egin zuen bertsotan, baita bertsolari handiekin
ere, berak miresten zuen Uztapiderekin, adibidez.
Pasa den 2003ko urriaren lehenean zendu zen, 86
urte zituela. Hona hemen 1995. urteko bi bertso,
bizitzan izan zuen jarreraren adierazle:
Orain daukagu aukera
ondo saiatzen bagera
gero penarik izan ez dedin kontuak atera
sartu gaitezen lanera
al bada danok batera
Altza bailara jaso dezagun aundien parera.
Segi bideari zuzen
ontan saiatu gaitezen
alperrikan da gero esate au egin bazen
orra gaur nola gatozen
alkar ikusteko pozen
beartutzen badakizute
ni nun bizi naizen.
|
|
| BEHARRA |
70. hamarkadan Bidebietan
sortutako gazteen elkartea. Antolatzen zituzten
jardueren artean mendi irteerak, zine eta disko
forumak, antzerkiak, gazteentzako gitarra eta musika
ikastaroak, hitzaldiak eta abar. |
| BERRA baserria |
Berra leinuaren jatorria dugu baserri honetan , jadanik XV. mendean dokumentaturik. Berriz, 2003 urtea arte lur eremuan zegoen etxea askoz modernoagoa zen. Fatxadaren harrizko arkua da elementu adierazgarriena. Adineko jendearentzako etxe moderno bat bihurtuko dute. |
| BIDEBIETA |
70 urteko Joxe Marik beti
izan du auzoan iduriko gogoeta adierazteko nahia.
Bere uste xumean, parada historiko bat galdu zen
auzoa da. Franco bertako pisuak inauguratzera "etorri"
zenean, leihotik bista ederrak erakutsiz, historiari
bultzadatxo bat emateko aukera galdu zen. |
| BINAGRENE |
Inguruko bizilagunek izen honekin ezagutzen zuten Mirakruz-gainako auzunea. Igandeetan, 'billlerak' izenekin ezagunak ziren dantzaldietan jende asko biltzen omen zen eta Arzak tabernak zerbitzatzen zuen ardoa edaten zuten. Ezizenari kasu egiten badiogu, ardoa ez dirudi oso kalitate onekoa zenik. |
| BIZARAIN |
Oarso aldean, San Markos
gotorlekua kokaturik dagoen mendi tontorraren izena.
Gaur egun, Euskararen gizarte erakundeen Kontseiluak,
Altzarako eta bertako euskalgintzak gauzatutako
plana garatuko duen elkarte ofizialaren izena. |
| BOLATOKI |
Boloetara jolasteko lekua.
Jolasteko era desberdin asko daude. Altzan hiru
bolatoki daude: Altza Gaina, Arrizar, eta Herrera.
|
| BRAHMA |
70. Hamarkadan
Los Boscos auzoan sortu zen Rock musika taldearen
izena. |
|
BUENAWISTA
PROLLECKZYOMS |
Mota askotako entseguetarako lokal
bat ez ezik, adierazpen plataforma bat ere bada
Buenavista. Jende talde zabala biltzen da bertan,
eta musikaren alderdi oso ezberdinak lantzen dituzten
sortzaileak daude tartean: Señor No eta Discipulos
de Dionisos taldeen punketik hasi, eta Andrë
edo Tzesne bezalako jendearen elektronika esperimentalera
arte. |
 |
|
|
 |
| |
|
| CACEREÑO |
Raul Guerra Garrido-ren aurreneko nobela (Alfaguara, Madrid, 1970). Lehen nobela honetan emigrazioaren gaiari heldu zion. Nobelako protagonista, Luis Garrido, Extremaduratik Euskadira etorritako emigrante bat da eta, hain zuzen ere, Altzara etorri zen bizitzera. Dantzaleku batean baserriko neska bat ezagutu zuen eta harekin maitemindu ere egin zen. Integratzeko zailtasunak direla medio, drama bilakatutako maitasunezko istorio bat. |
| CAPITAN
ARAÑA |
1977. urtean
Altzako zenbait elkarteen artean (Boskotarrak, Peña
Serranito, Gurea eta Altzatarra) txaranga hau martxan
jarri zuten eta 25 turutetaz osatuta zegoen. Txaranga
honi esker urte berean Altzako inauteriak lehen
aldiz antolatu ziren. Txarangaren zuzendaria Juan
Mari Oteiza izan zen. |
| CASARES,
Segundo |
Mende hasierako alkatea,
independentzia administratiboaren aldekoa beti,
bai alkate bai eta zinegotzi moduan. Anexioaren
gaitzak eta arriskuak ederki aurreikusi zituen.
Bere zuzendaritzapean Altzak Villa izaera
eskuratu zuen 1910. urtean. |
| CENTAURO |
Izen honekin Errotetan, 60. hamarkadaren bukaeran, San Pablo Parrokiak gazteentzako lokal bat ireki zuen. Lokal hau ez zen urte asko irekita egon, hurrengo hamarkadaren hasieran lokala itxi baitzen eta egiten ziren jarduerak Santa Barbara auzora eraman zituzten, Gazte-Leku elkartera hain zuzen. Nahiz eta "bizitza" motza izan, ekintza asko antolatu ziren: euskal dantzak, Santa Ageda koruak, mendi-irteerak, errugbia,. |
|
|
 |
| |
|
| DEMOGRAFIA |
Mende hasieran Altzako
udalerriak 2.103 biztanle zituen, 1950. urtean 8.857,
1970.ean 32.531, eta gaur egun 50.000 biztanle inguru. |
| DENDATXO |
Ibarburu baserriko behealdetik
eta garai bateko karobitik (egun Anjelatxo-eneatik),
elkar biltzen ziren errekatxoen zabalgune eder eta
zoragarria. Mende erditik gora goazenentzat, naturak
emandako oparirik oparoenetako bat. |
| DIAPIRO |
Hitz honek arroka mota bat izendatzen du, Sarruetako Mateo-errotan ikus dezakeguna. Hasiera batean arroka hauek beste arroka berriago eta pisutxoagoen azpian zeuden baina, dentsitate gutxiago dutenez, igo egiten dira lurrazalera, lehenik lurrazala konkortuz eta azkenean hautsiz. Diapiro arruntenak diapiro gazi triasikoak dira (200-230 milioi urte), gehienbat buztinez osaturik, kolore ezberdinekoak dira, berdeak edo gorrixkak, Mateo-errotan dagoenaren antzekoa, eta gatzak eta igeltsuak ere badituzte. Honelako arrokek adierazten digute inguru hau garai horretan kontinentala zela edota klima lehor muturrekoa. |
| DORADO,
El |
Altzako udal terminoan
dagoen petrolio poltsa bat, XX. mende hasieran "Dirección
General de Minas" delakoak egin zuen meatokien
inbentario batek esaten duenaren arabera. Altza
eta Errenteriaren arteko mugan beste bi petrolio-hobi
omen daude baina lur-jabeen izenak baino ez dira
aipatzen. |
| DORREAK |
Bidebietako Bizilagunen
Elkartea. |
|
|
 |
| |
|
| EGUZKI-ERLOJUA |
Altzako udaletxean, fatxadaren
ezkerraldean haizea kentzeko dagoen horman, bi eguzki-erloju
daude, bata bestearen gainean. Goikoak ordua argiago
adierazten du behekoak baino: hegoaldera hobeto
orientaturik, orduak zenbaki erromatarrez zizelaturik
dauzka, goizeko seietatik arratsaldeko seietara,
eta oraindik burdinazko orratza izango zenaren arrastoa
geratzen zaio. Ez dakigu zehatz-mehatz zergatik
edifizio berean bi eguzki-erloju dauden, bata bestearen
hain gertu. Biak horman txertaturik daude eta, gainontzeko
harlanduak bezalaxe, hareharrizkoak dira. Beraz,
udaletxea egin zenean jarri zituztela pentsarazten
digu, 1889. urtean, alegia. Pentsa daiteke, bestalde,
beheko erlojua, eskematikoagoa eta okerrago orientatua,
lehendik bazegoela, aurreko kontzeju-etxean, eta
udaletxe berria eraikitzerakoan berrerabilia izana.
|
|
| ERASMO ATORRASAGASTI |
Erreran bizi zen, errepide jenerala eta bariantearen irteeraren artean dagoen etxe zaharrean. Gasolindegi bat zeukan eta denda bat, bertan jarraitzen duena. (Oharra: Fitxa hau egin zuenak abuztuan etxea bota aurretik idatzi zuen.) |
| ERASMO-ren denda |
Gogoratzen al duzu umeak ginenean eta Erasmok, hitz eta irribarre batekin batera, gomazko gozoki horiek oparitzen zizkigunean, edota kromoak gordetzeko ederki etortzen zitzaizkigun kartoizko kutxatxo horiek? Eta helduago ginela, Petra eta Joxepik festetarako prestatzen zizkiguten zinta berde eta horiak... Eta beste hau... Eta beste hura... Erasmoren drogeria eta mertzeria Herrerako etxe askoren konponbidea izan ziren, Erasmoenean etxeko martxaren arazo gutxi konpondu gabe geratzen baitziren. Gure inguruan, behar bat zegoenean, "Erasmok edukiko du" zen gure artean generabilen ohiko esaeretako bat, hainbeste gauza falta ziren garai hartan. |
| ERNABIRO |
Bidebieta (La Paz) auzoan
zegoen baserria, Bonea (Moneda) eta Guardaplata
baserrien artean kokatua, gutxi gora behera, gaur
egunean eliza dagoen lekuan. Auzoa eraikitzerakoan
bota zuten. |
|
| ERROTAZAR |
Mendiolako kostaldean
bazegoen errota bat Herri Ametsatik ez oso urruti
dagoen iturritik ura hartzen zuena. Ur oso ona izan
behar zuen hemengoa, Mendiolako beste urekin batera,
tunel batez Bidebietako aldera eramateko proiektua
egin baitzuten 1861. urtean, eta hemendik Donostiara
eramaten zuten donostiarrek inolako tratamendurik
gabe edateko. Errotazar zegoen lekuan lurrun-galdara
zahar baten hondakinak ikus daitezke, baita arrantzaleentzako
aterpe baten aztarnak. |
ESTIBAUS
edo ESTIBAOS |
Altzako etxea eta abizena. Altzagainan
kokaturik zegoen, bolatokiaren ondoan, gaur egun
Elizalde etxea dagoen lekuan. Ohi zuten bezala,
1390. urtean altzatar talde bat Estibaus zelaian
bildu zen San Martzial parrokia eraikitzeko erabakia
hartzeko. |
| ESTIBAUS
Buletina |
Edozein altzatar ondo informatua egon dadin,
irakurri behar duen aldizkaria.
|
|
|
 |
| |
|
| FARDEL |
Pasaiako portuaren inguruan lan egiten dutenen artean oso ezaguna den hitza. Hiztegiak zera dio: "Zapi edo zatar batez biltzen den edozein motatako gauzen, eta bereziki bidaldirako eramaten direnen, multzo edo bilduma." Gure artean, fardela zapi karratu bat da, albo bakoitzean metro bana duena, normalean dekorazio karratudunekin, eta arrantzaleek itsasontzira arropa edo janaria eramateko erabiltzen ohi zuten zakua; baita etxera arrantzatutakoaren zati bat eramateko ere. Zakua ez ezik, barruan zeramanari deitzeko ere erabiltzen zen. Horrela: " fardel bat arropa zikin daramat", " fardel bat txitxarro ekarri", eta abar. Azken finean, zapi apal honek hain lagungarriak izaten diren hipermerkatuetako plastikozko poltsen funtzio bera betetzen ohi zuten. Gaur egun, zapi hau ez bada erabiltzen ere, oraindik hitz hau itsasaldi bakoitzaren ondoren marinelak saritzeko armadoreak ematen ohi duen oparia izendatzeko erabiltzen da, nahiz eta opari hori PRYCAko edo GARBERAko poltsa baten bildua joan: "har itzazu bi legatz fardelerako." Baserri giroko hainbat iruditan ikusi izan ohi ditugu baserritarrak sororako bidean hamaiketakoa zapi batean bildurik eta makilaren muturretik zintzilik, zakutxo moduan. Zapi hori fardela baino apur bat txikiagoa bazen ere, eta musu-zapia baino handiagoa, biek antzeko funtzioak betetzen zituzten. |
|
|
 |
| |
|
| GARBERA |
Batzuentzat, aintzinako
baserri bat da, Larratxo eta Intxaurrondo artean,
muino polit baten gainean kokatuta dagoena. Altzako
auzo txiki bati izena ematen dio eta bertan Bixente
Barandiaran bertsolaria bizi zen. Beste askorentzako,
"gure iparra" da, izugarrizko zentro komertziala
dagoen lekua, gure bizitza aldatu duena eta gure
eguneroko etxeko lanei sentidu bat eman dioena. |
| GARBITOKI |
(Lehen Herriko labaderoa) Arropa garbitzeko
herriko emakumeak biltzen ziren tokia. Nahiz eta
orain ez erabili oraindik ere ikus daitezke Euskal
Herriko hainbat herritan. Herreran bat zegoen eta
beste bat Intxaurrondon, Zulozarko labaderua. |
|
GARMENDIA ZABALA, Jose
(1885-1924) |
Bertsolari altzatarra, Otxoki aldean zegoen Arrues baserriko semea. Txikitatik buruz ikasitako bertsoak kantatzen omen zituen eta oso eztarri ona zeukan, horregatik Udarregi izengoitia jarri zioten. Bat-bateko bertsotan baino bertso-paperetan nabarmendu zen. Txirritak berak, behin baino gehiagotan aitortu zuen Udarregiren dohaina: "Ori gu baño geigo dek bertso jartzen!" ("Alza'ko bertsolari zaarrak", Auspoa) |
|
| GARRO,
Miguel de |
1540. Urtean, Espainiako
Carlos V. Enperadorearen zerbitzuan, Gibraltar turkoengandik
babesten ospea lortu zuen kapitaina. |
| GASKOIAK |
Erdi Aroan, Gipuzkoako
kostaldean lehen hiriak sortzen ari zirenean, Baionako
inguruetatik, Biarno eta Landetatik etorritako merkatariak,
itsas jendea eta nekazariak. Eragin handia izan
zuten Hondarribia eta Donostiaren arteko eskualdean,
baita Altzan ere. Gaskoi abizenak dira Arzak, Casanao,
Estibaos eta beste altzatar abizen zahar batzuk. |
| GAZTE-LEKU |
Santa Barbara auzoan 70. hamarkadaren hasieran San Pablo Parrokiaren laguntzaz Gazte-Leku elkartea martxan jarri zen. Elkarte honetan gazteentzako jarduera kulturalak eta kirol ekintzak (eskubaloia, mendi-irteerak,.) antolatzen ziren. Zentroa 1978. urtean itxi zen. |
|
|
 |
| |
|
|
HALTZA
|
Altzari izena
ematen dion zuhaitza. Hezetasuna behar du eta horregatik
oso ugaria da erreka bazterretan. Askotan enbor
bat baino gehiago izaten ditu eta 25 metroko altuera
ere har lezake. Bere adarrak zabalak izaten dira
eta hostoa bihotz-antzekoa da. Bere fruitua pinaburu
txiki bat da, multzotan bilduak egoten dira eta
negu osoan adarretatik zintzilik egoten dira. Haltzaren
egurrak hezetasuna ongi jasaten duenez, lur lokaztuetan
etxeen eta zubien zimenduak egiteko erabili izan
da.
|
|
|
|
 |
| |
|
| ILLURGITA |
Illurgitako kala, Bidebietako
auzokide askorentzat aisialdirako parada ederra
eskaini digu urteotan. Istorio txiki eta handiak
eraiki dira bertan. Honako pasartea osatzeko aukera
ere eman digu: Pasaia badiako itsaslapurrek, Illurgitako
kalaren inguruan suziak pizten zituzten. Itsasontziak
merkantzia lapurtu eta munduko produktu ezberdinez,
txokolatea, kakaoa, kafea, hornitzen zuten euren
sabela itsaslapurrek. Eta hau honela ez bazan sar
dadila kalabazan. |
| INGELES-FUERTIA |
Edo Fuerte del Almirante.
Mendiolaren gailurrean dagoen gotorlekua, bokalearen
beste aldean dagoen Arrokaundietako gotorlekuarekin
batera portuaren sarrera zaintzen zuena |
| INGURU-GIROA |
Bizia garatzen den espazioa.
Dinamikoa da. Gizakia biziaren zati bat da. Gizakiok
ez dugu gehiegi errespetatzen. |
|
IRIGOIEN,
Joan Mari
|
(Altza, 1948): futbolari,
irakasle, ingeniari izan arren, idazle gisa nabarmendu
da gure artean. Bere eleberrien artean aipa genitzake:
Altzari buruzkoa den Oilarraren promesa (12973),
Poliedroaren hostoak (1983), Babilonia (1989), Lur
bat haratago (2000). Poesia alorrean, berriz: Hutsatik
esperantzara (1975), Denborak ez zuen nora (1991),
Hautsa eta maitemina (1996), Letra txikiaz bada
ere (2002). Sari eta aipamen ugari eskuratu ditu:
Irun Hiriko Saria, Euskadi Saria, R.M. Azkue Saria,
Kritika Saria, etab. |
|
| IRUMUGARRIETA |
Errenteria, Astigarraga
eta Donostia (Altza) udalerrien terminoek bat egiten
duten mugarria. Kareharriz egindako mugarria zen
eta Alano eta Txurdinene errekak bat egiten zuten
puntuan zegoen. Gaur egun desagerturik, daitekeena
da San Markos zabortegia zabaltzean azpian utzi
izana. |
| ITXAROPENA
Otxotea |
1968. urtean hasitako
bidea oraindik jarraitzen du talde koral honek.
Segur aski gutxi batzuk pentsatuko zuten orain arte
lortu duten arrakasta gauzatzea baina palmaresa
hor dago, sari mordo bat eskuratu eta atzerrian,
Europan nahiz Ameriketan, ezagutaraztea. Bere 25.
urteurrenean lan bat argitaratu zuten. |
|
|
 |
| |
|
| JOLASTOKIETA
kiroldegia |
Herrerako La Cantera
auzoan kokaturik zegoen kiroldegia, bota berri duten
Rutilita lantegiaren inguruetan. Kiroldegia Jolastokieta
Kirol Elkartea-k egin zuen 1916. urtean eta
bertan bazeuden futbol- zelai bat, hamalau koadroko
pilota-lekua eta erreboteko pareta bat San Iñazio
galtzadaren ertzean. Elkartearen egoitza ere bertan
zegoen eta bere barruan biltzeko lekua, atezainaren
etxebizitza eta aldagelak zituen. |
|
|
|
 |
| |
|
| KANPAIAK
|
Trafikoaren zarata nagusi
ez zenean, San Martzial elizaren kanpaiek orduak,
hil-hotsak, biltzeko deiak eta abarrekoak jakinarazten
zizkieten altzatarrei. Gaur egun, oraindik, zenbait
momentutan Mendiolatik bertatik entzun daitezke
arreta pixka bat jarriz gero. Koldo Izagirre idazleak
"Euskararen historia txikia Donostian"
izenburuko liburuan Marcelino Soroa donostiarrak
orain ehun urte idatzi zuena ekarri digu gogora:
"Kanpaiek mihia dute, beraz, hizkera bat ere
izan behar dute". Eta, antza denez, hizkera
ez ezik elkarrizketa ere sortzeko gai dirudite idazle
honek esaten digunaren arabera: "`Beti mixeri,
beti mixeri´ diote San Pedroko kanpaiek, eta
Altzakoek erantzun: `Izan eta izango, izan eta izango´." |
|
| KANTINA |
San Markos gainaren magalean zegoen taberna. Gaur egun haren aztarnak ikus daitezke azken aldaparen eskuinaldean. Oso ezaguna eta bisitatua izan zen erre zen arte. Manuel Zapirainek bere aita Joxeren eta honen laguna zen Kataliñeneko Manuelen ibilerak kontatu dizkigu: "Meza nagusira joaten ziran Altza'ra. Martillune'en amaiketakoa egin ta etxera. Guk bazkaltzerako, Manuel ori an izaten zan askotan, kafea artuta. Biak bruxa beltxarekin, egualdi ona bazan, buelta-Gipuzkoa esaten ziotena egiten zuten: Benta, Otzazulueta, Zamalbide ta Kantina. Txarra bazan, buelta txikia : kantinara joan, arratsaldea pasa ta etxera." ("Zapirain anaiak", Auspoa) |
|
| KOKA,
Juantxo |
Pilotaria. Altzan jaio
zen 1973ko maiatzaren 28an. Afizionatu mailan, Espainiako
txapelduna izan zen benjamin, alevin eta cadete
mailatan. Profesionaletan 1993ko martxoaren 7an
debutatu zuen. 1997ko martxoaren 1ean buruz-buruko
2. mailako txapelduna izan zen Goñi II.ren
aurka. Hurrengo urtean, 2. mailako bikote txapelketako
txapeldunorde izan zen. Gaur egun, pilotari eta
elektrikari lanak tartekatzen ditu. |
|
|
KONTSERBATORIOA,
Altzako |
Toki birtuala, nire belarrietara Pasaia herritik iristen den zeruko musika goxoa; edozein guraso musika tresnadun daraman ume-garraiolari bihurtzen duena. "Rara avis" horrek, guraso garraiolariak alegia, fisonomia aldatzeko dohain paregabeak ditu;. Musika tresnadun umeekin egiten dituen bidaien arabera, halakoxea geldituko zaio aurpegia. Hau gizagaixoa! Denbora ala abiadura ote? |
| KONTZEJUA |
Erdi Aroaren amaieratik erabilitako
hitza eta herrien edota lekuen auzokoen batzarrak
izendatzeko erabili zen. Bere jatorria, aintzinako
"concillium" germaniarretan dago. Aro
Modernoa aurrera joan ahala, udal-batzarra edo auzokoen
erregimentua izendatzeko balio zuen eta batzar hauetan
parte hartzeko eskubidea murriztu egin zen, biztanle
xume gehienak kanpoan geratuz, baita Altzan ere. |
|
KOPA |
Sorbaldan bermatuta eraman ohi den ertz biribileko saski-mota. Horrez gain, Altzan, Bixente Barandiaranek kontatzen digunez, kopa hitzak badauka esanahi berezi bat: "Neguan bezela, udaran berdin, denborale txarretan alde guzietatik ura sortzen zan, eta lur asko arrastatze zuan malda bera. Gure aita nola etzuan lanak apuratzen, kañuak ateratzen zituan lurpean, lan asko eginda. Saietsetan pareta modukoa egin, gaiñean arlosak jarri eta lurrarekin estali. Ortarako irakurri ondo zer lan jartzen zigun. Metro bat eskas izango zan atxurraren kirtena. Ba, eguneko tarea ematen zigun zuloa egitea kirtenaren luzerakoa, beste ainbeste zabalean, eta berdin goitik bera. Atxurra eta pala astinduta bera sartzen giñanean, Goierrian lur-saskia esaten genion, baiñan emen, Altzan, kopa deitzen diote; eta alako bat artu batek, atxurrarekin bete, besteak gora atera ta ustu albora. Bekoa nekatzen zenean, txanda egin. Au dana egin behar genduan goizeko bederatzietarako. Eskolara gero. (Bizente Barandiaran, "Lanik gabe ezin bizi", Auspoa, 37. or.) |
KORESTEROLAREN
BIDEA |
Ordubeteko paseo bat da, egunero altzatar
askok ematen duten buelta. Lauaizeta zubian hasiko
gara, Larratxoko parke berrian lehenengo geldiune
egingo dugu: haur jolasak, loreak, paseoak eta abar...
Segidan, aldapatxo txiki bat eta gero Lau-Haizeta
tabernan hamaiketakoa. Indar berrituak, baserri
artean, Garbera zentro komertzialera bizpahiru erosketa
egitera. Eta, honela, motibaturik, azken txanpa
Otxoki parkeraino luzatuko dugu. Han, berriro, haur
parkea, paseoa, loreak eta abar. Arratsalde egina!
Ba, buelta etxera. Posible da Intxaurrondon hasi
eta Lauaizetan bukatu edo nekatzen baldin bazara,
edozein geldiunean etxerantz buelta eman. |
|
|
 |
| |
|
| LABERINTOA |
Honela ezagutzen da Bidebietako auzoan
zig-zagean igo eta jaisteko bide xelebrea, oinez
zein bizikletaz Donostialderuntz jotzeko bide aski
ezaguna da. Ezker eskuinera egitea baimentzen duenez,
bide honek izen herritar aproposa hartu du, laberintoa
alegia. |
LARRACHAO,
Teresa Nicolasa |
Teresa Nicolasa de Larrachao Berra
Arzac, XVIII. mendeko altzatar emakume izugarria
izan zen. Bere anaia hil zenean Arriaga (Arriya-zar)
oinetxearen nagusia bihurtu zen eta herentzien kontuak
zirela medio auziak izan zituen bere anaiekin, alabarekin,
suhiarekin, koinatarekin ... Sonatuena Larrerdi
(Lardi) etxearen nagusiekin izan zuena izan zen,
bere suhiarekin hain zuzen ere, auzian elizaren
aldarearen ondoko hilobi bat zegoela. Batzutan irabazi,
besteetan galdu... Altzan ospe handia izan zuen
erakutsi zuen kemena, jenioa eta manipulatzeko gaitasunagatik. |
| LARRATXAO |
Larratxo auzoaren ondoan
kokatua zegoen baserria, egun desagertua. Auzo honi
izena eman dio. Hamaseigarren mendean sortua, hango
leinua Altzako nagusietariko bat bihurtu zen. |
|
| LARROTXENE |
XVIII. mendeko baserria. Garai bateko
sagardotegia zena gaur egun Intxaurrondoko kultur
etxea bihurtu da. Bere izenak hainbat aldaketa ezagutu
ditu: zaharrena eta denbora luzeagoan erabili dena
Larrachaoene (1782) da; Larrara (1860), Larrachoene
(1894) eta egungo Larrochene beste aldaera batzuk
dira. |
|
| LONDRES |
Garbera auzoan hutsik
dagoen baserria. Bordaxar baserriko Manuel Zapirain-ek
istorio hau kontatu zigun: "Bestia, gizon
moxtaka xendo txiki bat sekula beretik ateratze
etzan orietakua zan, Londreskua. Exteban zuen izena
baño Londres esate zitzaion. Berak etzuen
iririk baño besterenakin itzai ibiltze zan.
Arengatik esate zuten ain goxo tratatzen zitula,
etzuela akullu bearrik ari onian zutena ematen ziotela.
Eta garai artan Primo de Ribera zarrak, Miguel uste
det zuela izena, sei urteko ditadura eduki zuen
eta iri apustuak eta akullu eztenak galerazi, eta
Londres, ori nolabait akullua eztenakin zuela, arrapatu
guardiak eta amar pezeta munta, eta guardiak:
-¿De donde es uste?
-De Londres.
-Donde está Londres?
-Alao de Paris. -Biak ondoan baitia-.
Bañan munta pagatuta, libre."
|
|
|
|
 |
| |
|
| MALOBRA |
Auzolanean egiten zen bide konponketa. Ubegi baserriko Bartolo Ayerbek "Zaarrak berrituz" liburuan kontatzen digu nola urtero burutu behar izaten zuten lan astun eta gogor hori: "Altza-n udaletxea, aiuntamentua, zan garai artan eta aren esanera ibiltzen giñan. Goardak agintzen zuan nun zer egin bear zan, Ballara bakoitzak sail jakiña zituan, eta bazekian nundik noraiño konpondu. Lendabizi, ur-bideak garbitzen genituan, eta gero arri zakarra ekarri Lazunene-ko edo Txoritokieta-ko arrobitik. Ortarako txandaka ibiltzen giñan baserritarrak, beiak karroarekin artuta, arria karriatzen bear zan tokira. Karroa kopaka, eskuz, kargatzen zan. Lanbidea zan ura... Baiña bideak ondo konpontzen genituan emen." |
| MARIA
ANDEREÑOA (Señorita María) |
Mª Emilia Fernández.
Bere aita Sotomayor Jauregiko (gerra ondoren Gaiztarro
Jauregia) markesen lorazainaren alaba zen. Jauregian
bertan eskola-akademia bat antolatu zuen, Altza
udalerriko neska mutil hainbat belaunaldi oinarrizko
ikaskuntza, batxiler eta ikasketa teknikoetan lagunduz.
|
| MAYA |
Maya, mayo edo maiatza.
1621. urteko apirilean, Juan Perez de Arzac altzatarrak,
sasoi hartan Altzako San Martzial elizaren maiordomoa,
baimena eskatu zuen ohitura zen bezala San Joan
egunean "la maya" herriko plazan jartzeko.
Honekin lotuta, urte bereko beste agiri baten notizia
ere badago, ekainaren 24koa hain zuzen, honela dioena:
"Libraron a Martin de Agorreta, pregonero,
4 ducados a cuenta de su salario y un ducado por
la leña y maya, que puso aier, vispera de
San Juan en la Plaza". Festa hau oso zabalduta
zegoen Europa osoan eta Afrikako iparraldeko hainbat
lekutan. Caro Barojak esaten digunez, festa honen
izpirituak hiru modutan adierazten ohi zen: giza
itxuraz (neska bat, mutil bat, edo panpina bat),
landare itxuraz (arbola, adar bat, edo lore bat),
edo bi horien konbinazioa. Festa hau maiatzean ospatzen
bazen ere ez da batere arraroa aurkitzea udaberriko
beste egunetan, mendekoste egunean adibidez edo,
Altzako kasuan bezala, udako solstizioan, San Joan
egunean. Festa honek naturarekin, bizitzarekin,
uztarekin eta ugaltasunarekin lotura handiak omen
dauzka, eta bere sorrera aitzineko kulturen tradizioetan
bilatu behar da. |
| MENDIOLA |
Bidebietako auzotik,
itsasora bidea Guardaplata du izena. Ikastolarako
bidea aldapatsua ere bada. Ez dira bertan tamalez
arkeologi indusketarik inoiz egin. Ez da beraz gordetako
zilarrik aurkitu. Gaur egun Guardazuhaitzak, Guardapaisaia
edo GuardaMendiola aritzeko tentazio dute auzotar
batzuk. |
| MIRAKRUZGAÑA |
Eraikuntza berriak egin
aurretik leku honetatik Lezoko Santo Kristo eta
Aieteko Gurutzea ikusten ziren. |
| MORENITO
DE JAEN |
Manuel Cruz Martínez
"Morenito de Jaén", Altzan 1956ko
maiatzaren 15ean jaiotako toreatzailea. Alternatiba
Jaenen hartu zuen, 1984ko apirilaren 21ean. Aitabitxia
Paquirri izan zen, eta lekukoa Luis Francisco Espla.
Ganadua Sepulveda de Yeltes-ena izan zen. Plazari
buelta eman zion. Egun toreatzen du Pepin Jimenez-en
koadrilarekin, bigarren banderillero bezala. |
MRM
kautxu-fabrika |
Florencio
Mokoroa Gaiztarro arkitektoak Letamendia familiarentzat
diseinatu zuen fabrika. Groseko Maria Lili pasealekutik
Intxaurrondo auzora fabrika eraman zuten 1930 hamarkadan.
Garaiko modari jarraituz, erakinaren estiloa arrazionalista
dugu. Itxi ondoren, bere produkzio-nabetan Intxaurrondoko
ikastola kokatu zen. |
|
|
 |
| |
|
|
NERECAN, Lantegia |
Nerecan taldea osatzen zuten enpresak 1969. urtean hasi ziren lanean Altzan. Bertan seiehun langile baino gehiago aritu ziren lanean, eta, gehien bat, inguruan bizi ziren auzokideak ziren. Industria multzo hau hiru enpresez osaturik zegoen: Transkrit, Tonsa eta Impalsa. 2005.eko urrian hiru enpresa hauek zeuden eraikina eraitsi egin dute, Lardi-alde izenez ezagutzen den urbanizazioa eraikitzeko asmoz: 15.000 m2 -ko lursailean etxebizitzak eta plaza handi bat egin nahi dituzte. |
|
NOTIXITXAR |
Altza Basoan dagoen magal baten izena. Leku honetan meategi zahar batzuen ahoak daude, Urumea aldeko inguru honetan ustiatu ziren burdina-meategien aztarnak direlarik. |
|
|
 |
| |
|
| OBERAN |
Altzak, Nafarroako Arano
udalerrian, kilometro eta erdiko azalera duen herri-basoaren
izena. |
|
|
 |
| |
|
| PARADA
armarria |
Oinetxearen aurrealdean
ikus daiteke. Deskribapena: Zatitua; alde batean
zuhaitza, bi otso enborrean zeharkaturik; bestean
hiru faja, orla moduan bi suge isatsean loturik. |
| PARIS |
Garbera auzoan zegoen
baserria, egungo Paris-berri landetxea dagoen orubean.
|
| PERUENE |
Herrerako baserri bat,
XVIII. mendean eraikia, egun desagertzear etxebizitzak
egiteko. Herrerako garbileku zaharra, erreka bat
eta meategiak ezkuturik aurkitzen dira bere orubean.
|
|
| PLAZA
GORRIA |
Altza Kaskon dagoen plaza,
anfiteatro moduan eraikita dagoena. Urtean zehar
ekintza ezberdinak egiten dira: ikastolako dantzak
festetan, kaleko zinema eta abar. Hasieran asfaltoa
gorriz margotuta zeukan eta horregatik auzokideek
izen hori jarri zioten. |
|
| PLAZARA
GOAZ |
Intxaurrondoko Euskara
Batzordea. Elkartearen helburu da Intxaurrondon
euskararen erabilera bultzatzea; euskaldunoi lotsa
galaraztea, non eta noiznahi euskaraz egiteko; euskal
harrotasuna indartzea; eta erdaldunak euskara ezagutzera,
ikastera eta euskaldunokin euskara erabiltzera bultzatzea.
Horretarako, ahalik eta gehiena indartu nahi ditugu
auzoko euskal gune publiko eta pribatu guztiak,
eta ez daudenean berriak sortu. Era berean ahots
ozenez salatuko ditugu euskaldunoi gure auzoan,
eta zazpi probintzietan, euskaldun izaten galarazten
eta galarazi nahi diguten guztiak. |
|
|
 |
| |
|
ROTETA
Club Deportivo |
1967an urtean sortua,
Herrerako Sportingekin batera, futbol talderik inportanteena.
Gipuzkoako Afizionatuen Kopa irabazi zuen. Gaur
egun, Gipuzkoako 1» Regional mailan daukagu.
Etxeko partiduak Herrerako futbol zelaian jokatzen
ditu. |
|
|
|
 |
| |
|
SANTA
BARBARA
baserria |
Bidebietako baserria,
Julio Urkixo kalearen 10. zenbakiaren inguruan zegoena.
Guardaplata baserriarekin batera desagertu zen inguru
hauek urbanizatu zituztenean |
SANTA
BARBARA
ermita |
XVII. mendearen hasieran
eraikia, mende honetako 70. hamarkadan Altzak pairatu
duen jukutriak txikitu bazuen ere, bere oroimenak
bertan dirau. Donostia eta Errenteriaren arteko
galtzadan zegoen. |
|
| SANTEON |
Ubegiko Bartolo Ayerbek kontatu digu ("Zaarrak berrituz", Auspoa, 134 or.): "San Martzial biaramonari esan oi zioten gure aurrekoak:
Gaur Santeon, jan da egon.
Lanerako gogo gutxi baizegon . |
SARRIEGI,
Jose Ramon |
Altzako alkatea izan zen XX. mende hasieran. Eraikuntzako enpresaria izan zen eta, besteak beste, San Markos gotorlekuaren eraikuntza izan da seguruenik egin zuen lanik aipagarriena. Era berean, berak eraiki zuen Garbera Txiki etxea eta bere agindupean ere "Casas Baratas" izenarekin ezagutzen dugun etxe multzoaren erdia eraiki zen, Maria Cristina erreginak inauguratu zituena. |
|
SESE
ELIZALDE,
Jose Ramón |
(1926-1994): Donostiako
Gros auzoan "Los Boscos" elkargunea sortu
zuen 1947. urtean. Geroago, 60. hamarkadan, elkargune
honen inguruan mugitzen ziren gazteekin batera,
"Los Boscos" Etxebizitza Kooperatiba eratu
zuen, Altzako izen bera duen auzunearen eragilea
izango zena. |
|
|
 |
| |
|
| TIBUROIA |
Tiburoi-bizkarrezurraren orno baten fosila da Altzan bizitutako animalia-aztarna zaharrenetako bat, duela 60 milioi urtekoa, hain zuzen ere. Fosil hori Buenavistako harrobian aurkitu zuten 1951. urtean eta Aranzadi elkarteko Joaquin Gómez de Larena eman zuen ezagutzera. |
|
| TOKIKO
BILDUMA |
Altza herriari buruzko
informazioaren bila bazabiltza aukera handiak dituzu
hemen aurkitzeko. Argazkiak, dokumentuak, mapak,
bideoak eta abar fitxatuak eta ordenatuak daude
interesaturik dagoen edonork erabil dezan. Casares
kultur etxera jo galdezka. |
| TOMASENE baserria |
Ondarearen ikuspuntutik, Altzako baserri esanguratsua izan zena. Casares leinuak sortuta XVI. mendean, adituen esanetan egurrak zein harriak oreka bikaina eman zioten etxeari. Harrian eginiko euskal baserrien lehenengo belaunaldi barruan kokatu zuten ikerlariek. Aipamen berezia merezi du bere leiho ajimezatua, arku konopilez hornitua, berrogeigarren hamarkadan mainela kendu zioten. Barruko zurezko egitura, bestalde, jatorrizkoa zen, inoiz ez baita baserri hau erre. Era berean, merezi du etxe aurrean dagoen harrizko txabola ikustea, ogia egiteko labea izan zena. Atzealdean, teilatuaren gailurrean, gurutze bat dago paretan txertatua, baserria mendebaldeak dakarzkien ekaitzetatik babesteko. Badauka oraindik ere baserria inguratzen zuen harresiaren sarrera; eta, azkenik, hareharrizko harraska bat. Osagai guzti hauengatik eta, oro har, baserri osoak duen balioagatik, Tomasene izan daiteke Altzako baserri arkitekturaren adibide eredugarria, zaintzea merezi duena. 2005. urtean kultur etxe berria bihurtuko da. |
| TOPO |
Herreratik Loiolarako tunelean, gustatzen zitzaigun Topoaren bagoiaren leihoa zabaltzea, burua tentuz atera eta, balantzaka, metalaren zaratan murgildurik, aire fresku hezea sentitu. Tarteka argiak itzaltzen ziren eta, iluntasunean, tunelaren mutur argia poliki-poliki nola txikiagotzen zen ikusten genuen. Momentu horiek gure gogoan grabatuak geratu dira. (Datu batzuk: hiru urte lanean aritu ondoren, 1912. urtean inauguratu zuten Amaratik Hendaiaraino doan " El Ferrocarril Vascongado" izeneko trenbidea., Ibilbidearen 14 kilometroetatik %20a tunela denez gero, trena elektrikoa zen; tunelik luzeena Herrerakoa da eta 2 km pasatxo neurtzen ditu.) |
|
| TOSCHI-IBERICA |
Gaur egun Altzako kiroldegian dagoen tokian 80. hamarkada arte Toschi-Iberica lantegia zegoen. Fibrozementuzko lantegi honetan erabiltzen zituzten produktuak, amiantoa batez ere, osasunerako oso arriskutsuak ziren eta ingurunera botatzen zuten hautsa oso kutsakorra zen ere. Egoera honen aurrean, herritarren protestak zabaldu ziren.
Enpresa itxi zuten eta bere langile guztiak kalera joan ziren. |
| TXANTXANGORRIA |
Txantxangorriak
bere kabia asko maite badu, ai motel!, euskera ta
Euskalerria nik baño gehiago maite duenen
bat aurkitu ote leike gero?
Bai, orixe nauk ni: meta gañean kantari ari
dan orixe, txantxangorri kantaria. Urretxindor izateraño
ez bainaiz iritxi, bañan jainkoak ematen
didanarekin laket. Zetozkidan bezela gauzak artuz,
daneiri biotz ona zabalduz, negarrez edo parrez,
urte-giro guzietan kantari. (Ataño-ren
Txantxangorri kantaria liburutik). |
| TXARA |
Haritzez eta gaztainondoz
osatutako zuhaiztia. Lizardi baserriarena zen. Hemendik
hartu dute izena Hego Intxaurrondon dauden Zaharren
Egoitzak, Txara 1 eta 2 alegia. |
| TXIRRITA |
Hernanik ikusi zuen sortzen,
Errenteriak eman zion izena eta Altzak bere bizitzako
azken urteetan aterpea. Mutilzahar, bertsolari handia
anaiarekin bizitzera etorri zen Arriyazar baserrira
eta herrena handitu zitzaionean arrebarengana joan
zen Gazteluenera. |
|
|
|
 |
| |
|
| UBA |
Ametzagaina mendiaren hegoaldean dagoen ermita. Altza eta Donostiarekin erlazionaturiko historia luzea dauka, XV. mendetik gaur egun arte. Gipuzkoako leinu garrantzitsuen patronatupean egon zen. Modu askotan egon da katalogaturik azken 15o urteotan: ermita, santutegia, eliza eta Komentu baten kapila, Ongintza-etxea eta Erreformatorio bezala. Berpizkundeko Pazko Astelehenean erromeria interesgarri bat ospatzen da eta bertan Ubako Amaren irudi bat (Lo Oneko Ama) erakusten da erromesek musu eman diezaioten. Irudi txiki hau debozio handikoa da inguru hauetan umeen babesle bezala. |
|
| UDALETXE-Herriko Etxea |
Herri edo hiri bateko biztanleria babesten duen erakundea.
|
|
|
 |
| |
|
| VILLA LOLITA |
Artxipi bideko landetxe honetan udal txakurtegia zegoen, Animalien Babeserako Elkarteak kudeatzen zuena. Osasunaren aldetik arazo larriak zeudenez eta sortarazten zituen zarata desatseginengatik, inguruko auzokideek sarritan protestatu zuten eta animaliak lekuz aldatzea lortu zuten. Geroago, 1989ko ekainaren 10ean, landetxea behin betiko eraitsi zuten. |
|
| VICTORIO LUZURIAGA, Lantegia |
Pasai Antxoko Victorio Luzuriaga lantegiko langileak frankismoaren garaian erreferente garrantzitsu bat izan ziren Pasaiako badiaren zonaldean egin ziren langile-borroketan. Azken bi hamarkadetan egin zen industri birmoldaketa larriaren ondorioz, lantegi zaharraren pabiloiak itxi egin ziren, eta 2004. urtean zehar eraitsi egin ziren, lursail horietan 3.000 etxebizitza eraikitzeko asmoz. Victorio Luzuriaga lantegiaren pabiloiak Pasai Antxoko lurretan bazeuden ere, bulegoen eraikina Eskalantegi kalean zegoen, Altzako aldean, eta, horregatik, enpresaren egoitza soziala Donostian zegoen erregistratua. |
|
|
|
 |
| |
|
| XAGUANIA |
Kutarro mendiaren oinean dagoen baserri eraitsia, San Markos mendiaren iparraldeko magalean. Baserriaren izena baino ezizena da, bere jatorrizko izena Soraburu baita. Baserria hondatu eta gero, beste baserri bat eraiki zuten handik gertu XAGU TXIKI izenarekin . |
|
|
|
 |
| |
|
ZABORTEGIA,
San Markoko |
Nire etxeko
leihoak irekitzerakoan harritzen nauen aroma, "el
aroma de mi hogar" hain zuzen ere. San Markoko
bidean igandero egiten ditugun erromeria eta txango
bukolikoetan gure zain sorpresa emateko prest dagoen
lurrazpiko laguna. Gordeketan haizearekin jolasteko
ohitura duen lagun prestua. Altzako Chanel 6. Altzatarron
"pozerako" badu indarra, badu kemena.
Martxa honetan berau gozatzen dugun gizakiok Metano-Adikto-Resistente
bihurtuko gaitu. |
| ZAPINNOren
alarguna |
Teresa Barkaiztegi y Manso, Zapinnoren
alarguna, 1907ko urriaren 17an Herreran gertatutako
kotxe istripuaren ondorioz, bere senarra zen Luis
Zappino hil egin zen eta haren oroimenez, kapera
txiki bat eraikiarazi zuen istripua jazo zen lekuan.
Denbora pasa ahala, 1929. urtean, Herrerako San
Luis Gonzaga parrokia bihurtu zen. Kaperarekin batera
San Luis ikastetxea ere sortu zuen 1913. urtean. |
|
| ZEZEN-PLAZA,
Martuteneko |
1908-1923. Estalia zegoen zezen-plaza
eta bestelako erabilera ere izan zuena. 2.500
ikusleentzako lekua zeukan, denak eserita.
|
|
|
|
|
|
|