| |
Altza
Donostiak betidanik bereganatu nahi izan duen herria da. Herri
honek ozen erantzun izan dio irenskorkeri horri, baita erreferendum
demokratikoa eginaz ere, baina frankisten garaipenaren ingurumarian
Donostiak Altza udalerria bereganatu zuen 1939an. 60 urte besterik
ez dira pasa. Anexio honen ondorengo bilakaeran Altzatarron
identitatea ahulduz joan da eta, honetan ere, Donostiako Udalak
erantzukizun zuzena izan du eta du. Berau izan da Altzak jasan
duen "garapen urbanistiko hondagarriaren" bultzatzaile
(Plan Orokorraren Moldaketarako Proposamen Txostenak halaxe
definitzen du). Orain ordea, Udalak birgaitzeari erantzun beharko
lioke koherentziaz eta arduraz eta ez, berriro, soilik Donostiaren
mesederako eta Altzaren garapen orekatuaren kalterako den errentagarritasun
ekonomikoak bultzatuta Baina, tamalez, Donostiako Udalaren ohiturek
berean diraute eta errealitate gordin honek Auditz-Akular proiektu
itzelaren aurrean ipini gaitu. Proiektu honek prozedura ez egokia
jarraitu du eta, gainera, Altzaren etorkizuna hipotekatzen du.
Hori dela eta, giza-talde honen onerako beldurrik eta konplexurik
gabe lan egiteko prest dagoen Altzako elkarte-sare aberats eta
konprometituak "Iniciativa Ciudadana ALTZA XXI Herri
Ekimena" osatu du. Bertan, Altzako hainbat bizilagun,
talde eta elkartek herriaren egoera eta Donostiako Udalaren
ekimenenei buruzko hausnarketa adostuak egiten ditugu. Hain
zuzen ere, Auditz-Akular proiektuaren inguruan egin hausnarketek
HORRELA PLANTEATUTAKO EDOZEIN ASMORI EZETZ esatera behartzen
gaituzte aldez aurretiko eztabaida aldarrikatu eta exijitzen
baitugu:
·
Bertakook Altzarentzako nahi dugun garapen ereduaren eztabaida,
komunitate honen onerako lan egiten duen edozein pertsona,
elkarte edo taldek parte hartu ahal izateko moduko dinamika
partehartzaile eta ez baztertzaileak abian jarriz. Gure komunitateak
bere geroa erabakitzeko eskubide osoa baitauka.
·
Eztabaida honek oraingo eta benetazko egoeraren diagnosi serio
bat gauzatu behar du, Altzatarron benetazko beharren diagnosi
bat.
·
Eztabaida zabala, gardena eta manipulaziorik gabea. Hau hala
izan dadin, Instituzioek beharrezko informazio eta bitartekoak
ziurtatu beharko dituzte.
·
Eztabaida horren ondorioz planteatutako irtenbideak altzatarron
oniritzirik gabe ez direla inposatuko bermatu behar da; Gainera,
ezinbestekoa izan beharko da beren aplikazioaren ondorio onuragarriak
bizilagun ororentzat izatea. Honengatik guztiagatik, "Iniciativa
Ciudadana ALTZA XXI Herri Ekimena" abian jarri da,
batetik, Auditz-Akular-Landarro eremuari dagokion Plan Orokorraren
Moldaketarako Proiektuarekiko aurkako jarrera azalduz publikoki,
eta, bestetik, etorkizunerako ildoak finkatu, eta eztabaida
hau ematen ez den bitartean aipatu proposamena bertan behera
gera dadila eskatuz. Amaitzeko, zera adierazi nahi dizuegu:
lehenago aipatuek eraginda, "Iniciativa Ciudadana
ALTZA XXI Herri Ekimenaren" helburua Altzako auzoen
egoeraren azterketa sustatu eta gabeziei aurre egiteko irtenbideak
bultzatzea izango dela. Honetarako, Altza bere osotasunean
hartuko duten ekimenak eragin eta gure gizarte-sarean bizi
maila egokia berreskuratzeko beharrezko bitarteko eta behar
berriak geureganatzeko gaitasunari buruzko eztabaida sakon
bat sustatuko ditugu.
Altzan,
2000ko irailaren 25ean.
|